Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urralburu Tainta, Gabriel

Nafar politikari sozialista (Ezkaroze, 1950). 1984-1991 urteetan Nafarroako Foru Erkidegoko presidente izana. 1994. urtean Luis Roldán Espainiako Guardia Zibilaren zuzendari izandakoaren inguruan sortutako finantza eskandaluek bete-betean harrapatu zuten Gabriel Urralburu. Urte hartan ez zuen bere burua aurkeztu PSN-ko Idazkaritza Nagusirako, eta Nafarroako Parlamentuan zuen eserlekua zein militantzia bertan behera utzi zituen urte berean. Roldán kasuaren adarretako bat berehala bilakatu zen Urralbururen kasua, Nafarroako presidente ohiari eta bere hurbileko lankide zen Antonio Aragón kontseilari ohiari –hala nola bien emazteei– Foru Ogasunari iruzur egitea eta funtzionario-eroskeria delitua leporatu baitzien fiskaltzak. Izan ere, legez kanpoko komisioak kobratu zizkien Urralburuk hainbat herrilanen esleipena lortu zuten zenbait enpresari, diru hori kanpoko kontuetan ezkutatuz eta, ondorioz, Nafarroako Foru Ogasunari iruzur eginez. 1995etik 1996ra bitartean sei hilabete eman ondoren kartzelan, Nafarroako Auzitegi Probintzialak hamaika urteko kartzela zigorra ezarri zion 1998ko irailaren 7an ezagutzera emandako sententzia. Sententzia berean hiru urteko kartzela zigorra ezarri zitzaion Urralbururen emazte Olivia Baldari. Urralburuk Auzitegi Gorenaren aurrean aurkeztu zuen sententzia haren aurkako errekurtsoa. 2001. urteko martxoan ikusi zuen errekurtsoa Auzitegi Gorenak, eta kartzela zigorrik handiena zuen delitutik –iruzur fiskalari lotutakoa, alegia– absolbitu egin zituen Urralburu zein Aragón. Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen, ordea, bere karguaz baliatuz legez kontrako komisioak jasotzeari lotutako zigorra. Nahiz eta Urralbururen kartzela zigorra 11 urtetik 4ra jaitsi, kartzelan sartu zuten berriz 2001. urteko martxoan.