Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urdiñarbe

Zuberoako erdi-mendebaleko udalerria, Maule-Lextarreko kantonamenduan, Arballa txipian. Ordiarp du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Aiñharbe eta Lohitzüne-Oihergi; ekialdean, Garindañe, Gotañe-Irabarne, Idauze-Mendi eta Altzürükü; mendebalean, Phagola (Nafarroa Beherea) eta Muskildi; hegoaldean, Altzürükü. 29,71 km2 ditu. 1999ko erroldaren arabera, 553 biztanle (urdiñarbetarrak). Auzo nagusiak: Arozpide, Iratzabal eta Etxebarne. Uhaitzandi ibaia igarotzen da Urdiñarbeko udalerritik. Euskara, zuberera; euskaldunak, % 96. Laborantza (artoa, barazkiak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (ardi eta zerri azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarria da Gentein jauregi zaharra. v Historia. 1189. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Urdiñarbe herria eta Orreagako monasterioaren mende zegoen Urdiñarbeko eliza dokumentu horren arabera. Bertako elizak Donejakueko Bidean zehar ageri ziren ospitale sare bat osatzen zuen Donibane-Garazikoarekin batera.