Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Urbizu, Enrique

Bizkaitar zinemagilea (Bilbo, 1962) 80ko hamarkadan hasi zen zinemagintzan, eta orduz geroztik nahiago izan du beti beste batzuen enkarguak hartzea eta burutzea bere proiektu pertsonalak garatzea baino. Izan ere, beti esan du artistatzat baino areago, zinemagintzaren profesionaltzat duela bere burua. Zuzendu zuen lehen film luzea Tu novia está loca (1987) komedia izan zen. Hurrengo lanek ere komedia izan zuten ardatz: Todo por la pasta (1990), Cómo ser infeliz y disfrutarlo (1993), eta Cuernos de mujer (1995). Azken biak Carmen Rico Godoy idazlearen eleberrietan oinarritutako lanak izan ziren. 1995. urtean, Arturo Pérez-Reverteren Cachito eleberrian oinarrituta, izen bereko gidoia idatzi eta filma zuzendu zuen. Ondoren, telebistarako El hermano pequeño (1998) lana egin zuen, Manuel Vázquez Montalbanén Pepe Carvalho pertsonaia ezagunaren istorioa kontatuz. Nazioarteko sona 1999an Roman Polanskik zuzendutako The Ninth Gate filmaren gidoia idatzi zuenean heldu zitzaion; Pérez Reverteren El club Dumas nobela oinarri hartuta idatzi zuen orduko hartan ere Urbizuk gidoia. Madrilen bizi da aspaldiko partez, eta 2001. urtean Gibraltarko itsasertzean kokaturiko thriller bat idatzi eta zuzendu zuen, Caja 507.