Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tzara, Tristan

(Samy Rosenstock jaiotza izenaz) Errumaniar jatorriko frantses idazlea (Moinesti, Errumania, 1896 - Paris, 1963). 1916an Zurich-en dada higikundea sortu zuen beste zenbait lagunekin. Tzararen ustetan, mendebalak Lehen Mundu Gerra hain erraz onartzerakoan traizio egin zion bere buruari; egoera horren aurrean, poesia mendebaleko kulturaren aurkako arma gisa aurkezten zuen, haren bidez kultura horren balio estetiko, moral, filosofiko eta erlijioso guztiak deuseztatu nahi zituela. Hala, poesia logikatik kanpo jarri zuen, hizkuntza hautsiz: sintaxiaz arduratu gabe, hitzak bat-bateko pentsamenduaren harira lerrokatzen baitzituen. 1918an Parisen hartu zuen egoitza. Europako hiriburu gehienetan, eta Parisen bereziki, eskandalagarriak gertatzen ziren bilkura artistiko literarioak antolatzen zituen bere lagunekin batera –Breton, Éluard, Soupault, Péret…–. Nihilismo aldi horrez geroztik, poesia orekatuago eta soilagoa egin zuen, aldi berean marxismora hurbiltzen zela. Bigarren Mundu Gerran erresistentzian parte hartu zuen. Tzararen obraren burubideak surrealismoaren oinarrietan aurkitzen dira, bera higikunde hartako kide izan ez bazen ere. Zenbait obra: La première aventure céleste de M. Antipyrine (1916, Antipirina jaunaren lehen abentura zerutarra); Vingt-cinq poèmes (1919, Hogeitabost poema); De nos oiseaux (1929, Gure txoriez); Midis gagnés (1939, Eguerdi irabaziak); Entre-temps (1946, Bitartean); La face intérieure (1954, Barneko aurpegia). Bere obra teoriko batzuk dira: Sept manifestes dada (1924, Zazpi manifestu dada); Le surréalisme et l’après-guerre (1947, Surrealismoa eta gerraondoa).