Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txun Doo-Huan

Hego Koreako politikaria (Naetxonri, Kyongsang-nando, 1931). Vietnamgo gerran borrokatu ondoren (1970-1971), Hego Koreako gudarosteko segurtasun komandoko buruzagi (1979) eta Kwangju-ko matxinada (1980. urteko apirila-maiatza) zapuzteko ezarri zen lege martzialeko agintari goren hautatu zuten. Urte berean Hego Koreako espioitza zerbitzuko zuzendari eta segurtasun batzordeko buru izendatu zuten. 1980ko abuztuan Hego Koreako lehendakari hautatu zuten eta hurrengo hilabetean konstituzio berri bat aldarrikatu zuen. 1981. urtean lehendakari hautatu zuten berriro eta 1985. urteko hauteskundeak bere alderdiak irabazi bazituen ere, lehendakaria zuzenean hautatzeko hauteskundeak eskatzen zituzten higikunde handiei aurre egin behar izan zien. 1987. urtean egin ziren lehendakaritzarako hauteskundeak eta Roh Tae Woo politikariak bete zuen Txun Doo-Huanek utzitako lekua.