Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txindasvinto

Bisigodoen erregea 642-653. urteetan (?, 563 - Toledo, 653). Ia 80 urte zituen 642. urtean, nobleen laguntzarekin, Tulga errege gaztea kargutik kendu eta, hura monasterio batean atxilotu ondoren, errege izendatu zuenean bere burua. Erregetza eskuratu zuenean, ordea, postua lortzen lagundu zioten nobleen aurkako neurriak hartu zituen. Asko eta asko hilarazi zituen, esklabo saldu zituen, haien ondasunak bereganatu eta beste askok Afrikara edo frankoen erresumara egin behar izan zuten ihes. Toledoko VII. kontzilioak (646) erregearen jarrera onartu zuen eta erregearen aurkako konspirazioen antolatzaileak eskomikatuko zituela agindu zuen. Txindasvintok lege asko jarri zituen indarrean godoak eta hispaniar-erromatarrak maila berean egon zitezen. 649. urtean errege orde izendatu zuen seme Rezesvinto. Froya, izendapen honen aurka zelarik eta baskoien laguntzaz, Zaragoza setiatu zuen Txindasvintok garaitu zuen arte. Rezesvinto izan zen Txindasvintoren ondorengoa.