Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txiang Txin

Txinatar antzezle eta politikaria (Txu Txeng, 1914 - Pekin ?, 1991). Burgesiako familia aberatseko alaba zen. Antzerkiaren munduan sartu, eta elkarte komunistekin elkarlanean ibili zen. Horrela ezagutu zuen Mao Zedong poeta eta iraultzailea. Haren laguntzaile izan zen Nazionalisten eta Maoren gerrilla komunisten arteko gerra zibilaren garaian. 1931n Maorekin ezkondu, eta buruzagi komunistaren hirugarren eta azken emazte bihurtu zen. Hasieratik hartu zituen bere gain kultura eta arte inguruetako eragile lanak, eta Maoren iraultzaren ondoren eragin handia izan zuen Txinako politikan: 1960an ezkertiarrek abian ezarritako Iraultza Kulturala mugimenduaren buruzagi nagusietako bat izan zen. Mugimendu horrek Txinako bizitza politiko eta soziala geldiarazi zuen. 1969an Politburo-ko kide egin zen, eta ezkerreko muturrekoa zen Shanghai-ko Taldearen buruzagi gisa ezagun egiten hasi zen. Mao hil ondoren, 1976an, politikan zuen eragina gainbehera egiten hasi zen, eta Alderdi Komunistan talde "zentristagoak" nagusitu ziren. Alderdia ezker muturrera eraman nahi izatearen salaketapean atxilotu zuten, eta hurrengo urtean, 1977an, alderditik kanporatu zuten. 1978an, Iraultza Kulturala taldeko beste buruzagi batzuekin batera auzipetu zuten. Heriotza zigorra ezarri zioten lehendabizi, baina azkenean betiko kartzela zigorraren truke aldatu zioten. Harrezkero ez zen besterik jakin, 1989an gaixorik zegoela, eta handik gutxira hil egin zela jakin zen arte. Bere buruaz beste egin ote zuen zabaldu zen.