Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Txekoslovakia

Europako erdialdeko estatu ohia, Lehen Mundu Gerraren ondoren Txekiak eta Eslovakiak osatu zutena, eta 1992ko abenduan desegin zena. 127.899 km2 eta 15.567.666 biztanle (1991). Hiriburua: Praga (1.212.010 biztanle, 1991).  v  Historia. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Austria eta Hungariako inperioa desegin zenean, Txekiak eta Eslovakiak bat egin zuten errepublika burujabe bat sortzeko. Tomas Masaryk eta Edvard Benes–ek atzerriko estatuen onespena lortu zuten, eta 1918ko urriaren 18an Txekoslovakiarentzat burujabetasuna eskatu zuten ofizialki. Hamar egun geroago, sortu berria zen Pragako Batzorde Nazionalak Txekoslovakiako Errepublika aldarrikatu zuen, eta Masaryk izendatu zuten lehendakari. Baina Txekoslovakian alemaniar jatorriko biztanle asko zegoen, Bohemian batez ere, eta laster hasi ziren haien eta eslovakiarren arteko tira–birak. Alemaniar jatorriko biztanleak errepublikaren aurka zeuden, eta 1929ko ekonomia krisiaren ondoren lurraldearen zatiketa eskatu zuten. Horrek sortutako gobernu krisiaren ondorioz Masarykek kargua utzi zuen 1935. urtean, eta Benes izan zen haren ondorengoa. 1938an, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak eta Alemaniak Txekoslovakian egonkortasuna lortzeko hitzarmena sinatu zuten Berlinen. Haren arabera, Pragako gobernuak zenbait lurralde eman behar zizkion Hitler–i, biztanleriaren erdia baino gehiago alemaniar jatorrikoa zuten lurraldeak, hain zuzen. Horrek ezadostasuna sortu zuen Txekoslovakiako gobernuaren barruan, eta Benes–ek kargua utzi zuen. Hori ikusita, 1939. urtean Hitler–ek Txekoslovakia hartu zuen. Sei urtez nazien mende egon ondoren, 1945. urteko maiatzaren 9an sobietar gudarostea Pragan sartu zen. Benesek demokrazia eskuratu nahi zuen berriz ere, eta hauteskundeak egin ziren. Alderdi komunista izan zen irabazle, eta Klement Gottwald izendatu zuten lehen ministro. Sobietarren presiopean, Gottwald–ek hauteskunde legea aldatu eta komunista ez beste alderdi guztiak legez kanpo utzi zituen. Horren ondorioz, 1948an Benes–ek kargua utzi zuen berriz ere, eta urte berean hauteskunde orokorrak egin ziren. Hauteskundeetan Gottwald aukeratu zuten lehendakari, eta Zapotocky lehen ministro. 1957. urtean, Zapotocky hil zenean, Novotny izendatu zuten lehen ministro. Hark neurri gogorrak hartu zituen sistema komunista sendotzeko eta ekonomia hobetzeko, baina ez zuen helburua lortu. Hori zela eta, 1968an Alexander Dubcek eslovakiarra izendatu zuten lehendakari. Dubcek–ek Pragako udaberria izenarekin ezaguna den erreforma bultzatu zuen Txekoslovakian: prentsa askatasuna ezarri zuen, alderdi politikoak legeztatu zituen eta estatu federalaren aldeko azaldu zen. Baina Sobietar Batasuna neurri horien aurka zegoen, eta 1968ko abuztuan sobietar gudarostea Pragan sartu zen. Hurrengo urtean Dubcek kargutik kendu eta Gustav Husak izendatu zuten lehendakari. Husak–ek sobietarren aldeko politika bideratu zuen, baina ez zuen ekonomia hobetzerik lortu. Gizarte eta ekonomia egoera txarrak bultzatuta, kulturaren inguruko taldeek protestak hasi zituzten. 1989. urtean Husak–ek kargua utzi beharra izan zuen, eta Vaclav Havel izendatu zuten errepublikako lehendakari. Baina nazionalismoak indar handia hartu zuen, Bohemian, batez ere, eta 1992ko abenduan Txekoslovakia bi errepublikatan zatitu zen, Txekiar errepublika, batetik, eta Eslovakiako Errepublika, bestetik.