Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Turner, Ted

Estatubatuar negozio gizona eta telebistako magnatea (Cincinnati, Ohio, 1938). Georgiako Akademia Militarrean eta Brown Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Aitak bere buruaz beste egin zuenean, 1963an, familiaren publizitate negozioa hartu zuen oinordekotzan, eta 1970ean hondoa jota zegoen UHFko telebista kate bat erosi zuen Atlantan (Georgia). 1975erako telebista kate hura Estatu Batuetako inportanteenetako bat bihurtu zen, kirolak eta denbora-pasako programak eskainiz, merke, herrialde guztiko hari bidezko telebista sareetara. 1980an Cable News Network (CNN) sortu zuen, eguneko 24 orduetan berriak besterik ematen ez zituen lehen telebista katea. 1990-1991n Persiako Golkoko gerraz eman zituen irudiak mundu osora zabaldu zuten telebista katearen ospea. 1991n Time aldizkariak "urteko gizona" izendatu zuen. 1985ean Metro Goldwyn Mayer/United Artists ekoiztetxea erosi zuen, gero saltzeko eta zinema artxiboak besterik ez gordetzeko asmoz. Kirolaren munduan ere aritu da, beisbol eta saskibaloi taldeak sustatuz eta babestuz. 1991n Jane Fonda antzezlearekin ezkondu zen.