Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Turing, Alan Mathison

Britainiar matematikaria (Londres, 1912 - Wilmslow, 1954). 1936-1938 urteen bitartean informatikaren oinarrizko teoria formulatu zuen (Turing-en makina). Ikasketak Londresko King's Collegen egin zituen, eta ondoren, Princeton-eko Unibertsitatean (Estatu Batuak) tesia prestatu zuen Alonzo Church argentinar logikoaren (lambda kalkuluaren asmatzailea) zuzendaritzapean. Lambda kalkulua funtzio ideia sakontzeko formula matematiko bat da. Turing-ek funtzio errekurtsiboaren, kalkulagarritasunaren eta kalkulu bat ondo irtetea eragiten duen prozeduraren oinarrizko ideiak aztertu zituen. Bestalde, Turing-ek erabakigarritasunaren arazoa landu zuen. Saiatu zen matematikak logika enuntziatu formal multzo batera murrizten: sistema formal bat erabakigarria da prozedura eraginkor bat (algoritmo ere esaten zaio) baldin badago. Prozedura eraginkorra definitzeko Turing-ek automata eredu bat landu zuen, Turing-en makina, algoritmo bat egiteko ideia zehazteko balio zuena. Lan horren bidez, informatikaren oinarriak zehaztu zituen. Gerra garaian, gudaroste alemaniarraren ezkutuko kodeak itzultzeko makinak eta metodoak landu zituen aliatuekin. 1945. urteaz geroztik, adimen artifizialaren eta biologiaren matematikaren teoriaren inguruan lan egin zuen. Homosexuala zen, eta bere inguruan onartzen ez zutenez eta esesten zutenez, 1954an bere buruaz beste egin zuen; zenbaiten ustez, ordea, hil egin zuten.