Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Turenneko bizkondea

(Henri de la Tour d’Auvergne). Frantziako militarra (Sedan, 1611 - Salzbach, 1675). Hogeita Hamar Urteko gerran esku hartu zuen Frantziako gudarostean; Turin espainiarrei hartu izanagatik (1640) egin zen, batez ere, ezagun. 1643an Frantziako mariskal izendatu zuten eta Rhin-eko kanpainan Maguntzia eta Worms hartu zituen. Bavieran beste zenbait garaipen lorturik, 1647an Ulm-eko armistizioa sinarazi zion Maximiliano dukeari. Frondako gerran esku hartu zuen erregetiarren aurka lehenbizi eta Condé-ren aurka gero. Matxinada amaiturik, armadaren buru zela espainiarren aurkako garaipen handiak lortu zituen: Arras (1654), Dunes (1658). Gero, Flandes kendu zien espainiarrei hiru hilabetetan (1667). Tropa inperialak Alsaziatik bidali zituen. Salzbach-eko guduan (1675) izandako zaurien ondorioz hil zen.