Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tucuman

Argentinako ipar-mendebaleko herrialdea. Mugak: iparraldean, Saltako herrialdea; ekialdean, Santiago del Esteroko herrialdea; hegoaldean, Santiago del Estero eta Catamarcako herrialdeak eta mendebalean, Catamarcako herrialdea. 22.524 km2 eta 1.142.321 biztanle ditu. Hiriburua San Miguel de Tucuman. Ekialdea laua da eta Sali ibaiak igarotzen du alderik alde. Mendebalean Aconquijako mendikatea hedatzen da, 5.000 m-tik gorako gailurrek osatua (La Bolsa, 5.330 m; El Bolson, 5.550 m; Dos Lagunas, 5.450 m). Alde honetan daude, halaber, Calchaquies eta Santa Barbara mendikateak. Santa Maria ibaiaren haranak bereizten ditu aipatutako mendikate horiek eta Cajón mendikatea (4.000 m-tik gorako gailurrek osatua). Klima epela da mendietan izan ezik. Nekazaritza (azukre kainabera, kotoia, tabakoa) eta abere hazkuntza dira ekonomia jarduera nagusiak.