Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trnka, Jiri

Txekiar Errepublikako zinemagilea (Plzen, 1912 - Praga, 1969). Pragako Arte eta Lanbide eskolan ikasi ondoren berehala hasi zen marrazkiak, karikaturak, koadroak eta liburuetarako irudiak egiten. Baina txotxongiloa izan zuen gehien landu zuen alorra, hasieran J. Skupa-ren taldean eta 1936tik aurrera berak sortutako taldean. 1939an antzerkirako eta zinemarako jantziak eta dekoratuak egiten hasi zen. 1945ean zinema estudio bat sortu zuen lagun batzuekin batera, marrazki biziak eta txotxongilo filmak egin zituena, Txekoslovakiako elezaharrak eta Hasek, Txekhov, Boccaccio eta, batez ere, Shakespeareren literatura lanetan oinarriturik. Haren filmek ospe handia izan zuten mundu osoan eta txekiar animazio eskola ezagutarazi zuten. Filmak: Pérak a SS (1946, Jauzkaria eta SS), Bajaja (1950), Císariu Slavik (1948, Enperadorearen urretxindorra), Staré póvesti ceské (1952, Txekiar elezaharrak), Obry vojak Svejk (1955, Svejk soldadu ausarta), Sen noci svatojanské (1959, Uda gau bateko ametsa), Kyberneticka babicka (1962, Amona zibernetikoa), Ruka (1965, Eskua).