Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Travolta, John

Estatubatuar zinema antzezlea (Englewood, New Jersey, 1954). 1970eko hamarraldiko zinema izar ospetsuenetako bat. Oso gazterik hasi zen zineman lanean, bigarren mailako filmetan, telebista iragarkietan eta Broadwayko musikaletan –Grease (1972)–. Garai hartan arrakasta handiko zenbait filmetan parte hartu zuen: Carrie (1976), Saturday Night Fever (1977, Larunbat gaueko sukarra), Grease (1978). Saturday Night Fever filmean egindako lanarengatik Oscar saritarako izendatu zuten. Hurrengo hamarraldian, baina, Urban Cowboy (1980) western modernoaz geroztik, John Travoltaren ospeak ilunaldi luze bat izan zuen, harik eta hamarraldi haren bukaeran bi komedietan parte hartu zuen arte: Look Who's Talking (1989, Begira nor ari den hizketan) eta Look Who's Talking Too (1990, Begira nor ari den hizketan II). 1994an, galdutako ospea berreskuratu zuen berriro, arrakasta handiko film batean parte hartuz, Quentin Tarantino estatubatuar zuzendariaren gidaritzapean: Pulp Fiction, Cannesko Jadialdian film onenaren Urrezko Palma irabazi zuena.