Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tragedia

iz. Gai goibel edo latz batez diharduen eta halabeharrez dohakabeki amaitzen den antzerki lana; obra mota honek osatzen duen antzerti generoa. Greziako tragediak. Tragedia giroa. || Ezbehar samina. Horma heze ilun haien artean tragedia izaugarri bat gertatzen ari zen.  v  Lit. Estilo dotore eta arranditsua erabiltzen duen antzerki lana da, pertsonaia nagusia heroi bat duena, halabeharrak bultzatuta, gertaera ikaragarri eta penagarriak jasaten dituena. Tragediaren amaieran, heroiak aldatu ezin duen patua betetzen da, heriotza gehienetan. Tragediaren jatorria Grezian da. Greziar hitzak “ahuntz kantua” esan nahi zuen, eta Dionisos jainkoari eskaintzen zitzaizkion oparotasun errituko “ahuntzekin” izan dezake zerikusia, jainko haren ohorez egiten baitziren tragediak (greziar “ditiranboak”). Greziar tragedian, heriotzaren eta hondamenaren mende dagoen heroiaren gaia, koru batek bertsotan aurkeztu eta kantatzen zuen; ondoren pertsonaia bat korutik kanpora ateratzen zen eta harekin hasten zen hizketan. Eskiloren tragedietan bigarren pertsonaia ere irteten zen korutik eta, era horretan, bi pertsonen arteko elkarrizketa ere sortzen zen. Euripide eta Sofokleren garaiko tragedietan ohitura zen hiru pertsonaia ere agertzekoa. Homeroren eta beste zenbaiten lanetan oinarri hartuta, aztertu dira antzinako greziar tragediaren aztarnak, eta esan daiteke gertaerak berak baino garrantzi handiagoa zuela pertsonaien (korua barne) kontzientzia aldakorrak eta erantzunak. Gertaera nagusiak antzezlekutik kanpo gertatzen ziren gehienetan, eta hartan haietaz hitz egiten zen.  v  Erromatarrek tragedia greziarrengandik hartu zuten, eta haien lanak itzuli eta egokitu zituzten K.o. II. mendean (Nevio, Enio). Erromatarrek bortxazko sentipenak eta deklamazio erretorikoak landu zituzten, batez ere. Handik aurrera behera egin zuen antzerki mota horrek, Senecak idatzi zuena, adibidez, arrakastatsua izan zen arren. Europako Erdi Aroko tragediaren gaia gizon ospetsu baten zori aldaketa izaten zen: hasieran aberatsa eta zoriontsua zena amaieran zoritxarrekoa zen. Ingalaterran, Elisabet erreginaren garaian, abenturazko eta lilurazko bidaiak, abenturazaleen altxorrak eta arriskuak gaitzat hartuta, tragedia mota berri bat azaldu zen (Thomas Kid, The Spanish Tragedie, 1589, Tragedia espainiarra). Mende horretan bertan heroi handinahia sortzen da, ospe handikoa zena beti, baita erortzen zenean ere (1588, Doctor Faustus). Shakespereren tragediak beste zenbait berrikuntza ekarri zituen; pertsonaia ospetsuak baina akatsak zituztenak (Lear Erregea, Hamlet…) erabili zituen heroiarena egiteko, eta gizartea eta politika nahasi zituen pertsonaia nagusiaren zoritxarrekin. Bestalde, formari zegokionez bere tragedietan ez zituen hiru batasun klasikoak beti errespetatu (denbora batasuna, leku batasuna, ekintza batasuna). XVII. mendean Frantziako tragedia klasikoa berriro itzuli zen antzinako greziarren eredura; antzinako gai berberak eta hiru batasun klasikoak erabili zituzten, Racineren eta Corneilleren tragedietan adibidez. XIX. mendean, Europako iparraldean tragedia mota berri bat sortu zen. Izan ere, H. Ibsen, A. Strindberg eta A. Txejov-en tragedietan lehenengo aldiz erabiltzen da prosa eta beren garaiko gertaera tamalgarriak dituzte gaitzat. XX. mendean, oro har, tragedia ez da asko landu, E. O´Neill Estatu Batuetako antzerki idazlearen lanek arrakasta handia lortu bazuten ere. Tragediaren gaia eleberrira aldatu zen (F. Dostoyevsky, J. Conrad, W. Faulkner…), eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran egin ziren drama tragikoez kanpo, ia beste adibiderik ez du utzi.