Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Torre Nilsson, Leopoldo

Argentinako zinemagilea (Buenos Aires, 1924 - Buenos Aires, 1978). Leopoldo Torre Ríos zinemagilearen semea zen eta aitaren laguntzaile gisa hasi zen zineman lanean. Kultura handiko gizona zen, literatura eta zinema oso ondo ezagutzen zituena. Graciela (1956) du bere lehen filma. Hasierako filmetan gizarte zapuztu baten ametsak, kezkak eta frustrazioak adierazi zituen, askotan bere emazte Beatriz Guido-ren eleberrietan oinarriturik: La casa del ángel (1957, Aingeruaren etxea), La caída (1959, Eroraldia), La mano en la trampa (1961, Eskua segadan). Zentsurak proiektu asko debekatu zizkion eta koprodukzio kaskarrak eta Argentinaren historiako pertsonaiei eta gertakariei buruzko film batzuk egin zituen: Martín Fierro (1968), Estirpe de raza (1970), Güemes: la tierra en armas (1971). Gero Roberto Arlt, Manuel Puig eta Bioy Casares idazleen eleberrietan oinarritutako filmak egin zituen: Los siete locos (1973), Boquitas pintadas (1974), La guerra del cerdo (1975). Zuzendari berri askoren filmak ekoiztu zituen; Argentinako zinemagile garrantzitsuenetako bat izan zen.