Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tokio

Japoniako eta izen bereko prefeturako (2.166 km2 eta 11.854.987 biztanle) hiriburua, Honshuko uhartearen erdi-ekialdean, Sumida ibaiaren bokalean, Ozeano Barearen ertzean. 8.163.127 biztanle. Unibertsitateak. Nazioarteko aireportua. Japoniako industria eremu nagusiko hirietako bat da; Tokioko hirialdeak beste bederatzi hiri garrantzitsu hartzen ditu, Yokohamakoa horien artean (30 milioi biztanletik gora biltzen dituzte). Sumida ibaiaren haranean eta inguruko muino txikietan eraiki zuten Tokio. Hiriaren behealdearen zorupean ur-laster ugari dago, industriarako erabiliak, eta horren ondorioz lurraren maila jaitsi egin da. Klima epela da; neguan elurteak gertatzen dira (urtarrila-martxoaren bitartean), eta udak beroak eta hezeak dira. Uda hasieran eta udazken erdialdean egiten du batez ere euria. Hiria hego-ekialderantz hazi da, Yokohamako hiriarekin bat egin arte.  v  Ekonomia. Ekonomia baliapide ugari ditu. Lehen mailako finantzagunea da, eta Japoniako eta munduko finantza etxe nagusiek egoitzak dituzte han. Japoniako merkataritza eta kontsumo ondasunak, japoniarrak eta nazioartekoak, banatzeko gune nagusia da bestalde. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenez geroztik Japoniako lehen industriagune ere bihurtu da (ordu arte Osakako hiria zen); argazkigintzarako tresnak, automobilgintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, altzairugintza, eraikuntzarako gaiak, kimika industria, ehungintza. Burdinbide eta errepide sare zabal batek lotzen du Tokio Japoniako hiri garrantzitsuenekin. v Hiriaren antolamendua. Tokioko erdialdean Inperioko Jauregia dago, japoniar enperadoreen egoitza. Lorategi zabalek inguratzen dute, harrizko harresien barnean. Jauregiaren ekialdean Marunouchiko barrutia dago, Japoniako finantzagunerik garrantzitsuenetakoa. Hegoaldera Kasumigasekiko barrutia dago eta han dira Japoniako gobernuaren egoitza eta erakundeez gainera, Tokioko udal erakundeak. Jauregiaren mendebalean, Nagatachoko auzoan, dago Japoniako legebiltzarra. Tokio ez da erdigune bakarra duen hiria, bilgune ugari baititu, burdinbide geltokien inguruan batez ere. Han finantza etxeak, biltegi handiak, administrazioguneak, hotelak, jatetxeak eta fabrikak ere biltzen dira. Hiriaren ekialdean Ginzako merkataritzagune modernoa dago eta Inperioko jauregiaren ipar-ekialdean, Kandako barrutia. Eremu horretan daude Tokioko argitaletxe eta liburutegi gehienak, baita hainbat unibertsitate ere. Arboladi zabalik ez bada ere, ondo zainduak dauden parke txiki ugari daude. Horien artean aipagarria da Meijikoa, Japonia nazio moderno bihurtu zuen Mutsuhito enperadorearen santutegia hartzen duena. Museo ugari ikus daitezke hirian zehar; Uenoko lorategiko Museo Nazionala da garrantzitsuena, eta aipatu parkean badira beste hiru museo, bi Japoniako artea biltzen dutenak eta zientzia museoa bestea. Gainerako arte eta zientzia museo gehienak Inperioko Jauregiaren inguruan daude. Aipagarriak dira halaber hiriko antzokiak eta 1457. urteko gazteluaren hondakinak. v Historia. Edo izena zuen Tokioko jatorrizko hiriak. Arrantza herri txiki bat besterik ez zen izan, 1603-1867 urteetan Tokugawa japoniar familia nobleak aginpidea izan zuen arte. Etxe horretako shogun edo buruzagi militarrek Edo hautatu zuten Japonia Batuko hiriburutzat, Inperioko familiaren egoitza Kioto izaten jarraitu bazuen ere. 1868. urtean, shogunen agintaldia amaitu zenean, Meiji enperadorearen aginpidea etorri zen eta harekin hasi zen hiriko industriaren garapen bizkorra. Garai hartan Edora aldatu zuten Japoniako hiriburua ofizialki, eta Tokio izena hartu zuen (“mendebaleko hiriburua”). XIX. mende erdialderako milioi bat biztanle inguru zuen; mende bat geroago, munduko hirialde handienetakoa izateaz gainera, merkataritza, finantza, industria eta kulturagune garrantzitsuenetako bat bilakatu da. 1855 eta 1923 urteetako suteak eta lurrikarak suntsitu zuten hiria neurri handi batean, eta 1942-1945 bitarteko bonbardaketek hiriko 42 km2 ondatzeaz gainera 80.000 hil eta 100.000 zauritu eragin zuten. Gaur egungo giza eta industria metaketa handiak arazo latzak sortzen ditu hiriko ingurugiroan.