Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tinguely, Jean

Suitzar eskultorea (Friburgo, 1925 - Berna, 1991). Espazioaren eta mugimenduaren arteko erlazioaz arduratu zen bereziki bere eskultura lanetan. 1941-1945 bitartean Basileako Arte Ederretako eskolan ikasi zuen. Pintura utzi ondoren, 1953an Parisen kokatu zen eta 1954-1955 urteetan Métamécaniques izeneko eskultura mugikorrak, robot-en antzeko irudiak, aurkeztu zituen. Ondoren pintura-makinez (Machines à peindre) arduratu zen eta 1959an, Parisko lehen Bi Urtekoan, lastertasun handiz 40.000 koadro desberdin, pintura abstraktuaren moldekoak itxuraz, egin zituen makina aurkeztu zuen. 1960an, lehertu ondoren suntsituko zen makina bat aurkeztu zuen New York-eko Arte Modernorako museoan (Homage to New York); ez zuen halako arrakastarik izan, baina une labur batean ikuskizun handia eskaintzen zuten lan horietan segitu zuen; materiaren ezereztea irudikatzen zuen suntsitze hura arrakastaz aurkeztu zuen Study for an End of the World (Munduaren akaberarako ikerlana) obraren bidez. Ondorengo urteetan mugimenduan oinarrituriko eskulturak, ez hain suntsitzaileak, egin zituen. Jean Tinguely artearen eta makinen munduak hurbiltzen saiatu zen eta, era berean, ikusleak artelanean kide bihurtu zituen, asmatu zituen tramankuluen mugimenduen erabilera haien esku utzi baitzuen askotan.