Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

termita

iz. Eskualde beroetako intsektua, inurriak bezala talde handi egituratuetan bizi dena. Orain 300 milioi urte inguru edo lehenago agertu ziren. 1.900 bat mota bizi eta beste 60 desagertu ezagutzen dira. Gorputzez inurrien itxurakoak izaten dira oro har; kolorez ordea, termiteak zuri horixkak izaten dira eta inurriak gorrixkak edo beltzak. Termiteen gauzarik deigarrienak bizitza antolatzeko era eta habiak dira. Habi bakoitzean milioika termite bizi daitezke eta habiko taldea lau kastatan banatua egoten da: antzuak edo langileak, habia egiteko, janaria biltzeko, arrautzak eta larbak zaintzeko eta behar izanez gero erasora datozenetatik babesteko ardura dutenak; gudariak, habiko kideak (inurrietatik batez ere) babesteko ardura hutsa dutenak, buru handi beltzaranak dituztenak; hegodunak, errege-erreginekin ugaltzeko gaitasuna duten bakarrak eta eraldaketa batzuen ondoren beste termite-habiak eratzera irteten direnak; kolorez arrexkak izaten dira horiek; eta laugarrena, errege-erreginena; neurriz besteak baino handiagoak izaten dira, batez ere erregina. Hauen eginkizun bakarra langile, gudari eta hegodun berriak sortzea da. Habia hainbat mailatan eta gela txikitan antolatua edukitzen dute mota batzuek (Macrotermes azpifamiliako guztiek), lurraren zorutik 4-6 m gora daitekena; gehienek, ordea, ikusten ez dena egiten dute. Habia itsua izaten dute eta hotz-bero berean (30 °C) izaten dute beti. Erdian errege-erreginen gela edukitzen dute. Egur ihartuetatik eta hustelduetatik protozoo batzuen sinbiosiaz ateratzen duten zelulosa eta egur zirbilez eta beren listuaz eratutako pilota batzuetan sortzen diren onddoak janez elikatzen dira. Termiteak mundu guztian daude zabalduak, Afrikako ekialdean eta hegoaldean batez ere. Reticulitermes flavipes, Amitermes meridionalis eta Mastotermes darwiniensis dira termite mota batzuen izenak.