Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tenperamentu

iz. Psik. Nortasunaren osagai funtsezkoa, kanpoko nahiz barneko eragileen aurrean pertsona bakoitzak erakusten duen jokabidea baldintzatzen duena. Hipokratesek eta Galenok erabili zuten, lehenbiziko aldiz, “tenperamentu” kontzeptua, humoreen (odola, linfa, behazun horia eta behazun beltza) teoriari lotua, gizonen jokabideak eta, beraz, gizon motak sailkatzerakoan (ik. Hipokrates, Galeno): odoltsua (odola nagusi); haserrekorra (behazun horia); malenkoniatsua (behazun beltza) eta patxadatsua (linfa). XIX. medea arte iritsi zen sailkapen hori, nahiz eta, Berpizkundetik aurrera, indarra galdu zuen. Hala ere, sailkapen horren balio funtsezkoena (alde fisikoaren, nortasunaren eta jokabideen arteko lotura estua alegia) gaurko teorien oinarrian dago, nahiz eta azken horiek bestelako abiapuntu batzuk hartu dituzten (antropometria, nortasunaren eta tenperamentuen azterketak) pertsonen tipologiak sailkatzerakoan: tenperamentu ziklotimikoa (pertsona lodi txikiei dagokiena: harremanetarako erraztasuna, berritsuak; psikosi maniako-depresiborako joera); tenperamentu eskizotimikoa (pertsona altu meheak: barnekoiak, herabetiak, isilak, harremanetarako zailtsaunak; eskizofreniarako joera); tenperamentu likitsa (gorpuzkera atletikoa: ideia finkoak, adimen malgutasun handirik gabekoak; joera patologiko garbirik ez).