Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

telegrafo

iz. Mezuak urrutira igortzeko tresnen multzoa; bereziki, mezua seinale elektriko bihurtuz hari eroaleen bidez igortzen dena.  v K.F. Gauss-ek eta W. Weber-ek egin zuten hari bidezko lehen telegrafo elektrikoa 1833an, baina oso tresna bakuna zen eta km batera baino ezin zituen bidali mezuak. 1837an, Samuel Morsek telegrafo elektrikoa hobetu eta mezuak distantzia handietara igortzeko gauza zen tresna bat egin zuen. Morseren telegrafoak luzera desberdineko bulkada elektrikoen gisa igortzen zituen seinaleak –batzuk laburrak, beste batzuk luzeagoak– eta, horretarako, botoi edo beso bat zapalduz ixten zen zirkuitua. Tresna hartzaileak elektroiman baten bidez jasotzen zuen mezua; informazioa kablez bidaltzen zen norabide bakarrean. 1896an, Hughes-ek telegrafo berri bat asmatu zuen, letrak paper zerrenda batean zuzenean inprimatzen zituena. Geroztik, telegrafoak asko hobetu dira. Gaur egun, gehien erabiltzen direnak teletipoak eta teleinprimagailuak dira; tresna horiek informazioa bidali nahiz jasotzeko prest egoten dira beti eta ez dute behar sinkronizaziorik tresna igortzaile eta hartzailearen artean; mezua iristen denean, tresna hartzaileak seinalea letretara aldatzen du automatikoki, eta paper orri edo zerrenda batean inprimaturik uzten du.