Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tebas

(Egiptoeraz Wase edo Nowe; Hebr. No-Amon; Gr. Diospolis Magna). Antzinako Goi Egiptoko hegoaldeko hiria, Nilo ibaiaren ertzean Kairoko hiriaren hegoaldera, 714 km-ra. Antzinateko Egiptoko hiri garrantzitsuenetakoa izan zen. Wase edo Nowe izena zuen egiptoeraz, baina Tebas esaten zioten greziarrek. Luxor eta Karnak izena dute Tebasko hondakinak dauden bi hiri modernoek. Antzinateko Inperioaren garaian (K.a. 3100-2160 bitartean) Wase probintziako hiri txikia zen Tebas, Goi Egipton zegoena. XI. dinastiako Mentuhotep II.ak Egipto bateratuko hiriburu bihurtu zuen. XVII. dinastiako faraoiek Inperio Berriko (K.a. 1567-1085 urteetan) hiriburua Menfisera aldatu zuten, garai hartan oso hiri oparoa baitzen, Amenofis I.aren eta Tutmosis I.aren agintaldietan bereziki. Tebasen garrantzi politikoak gainbehera egin zuen Amenofis IV.ak edo Akenaton faraoiak Amon jainkoa eta haren apaizak gutxietsi zituenean. Inperioko hiriburua Aketaton-a aldatu zuten Tutankamon faraoiak Amon jainkoaren gurtza berriro ezarri zuen arte. XIX. dinastiako faraoiek, ordea, Nilo ibaiaren deltaren inguruak hartu zituzten bizilekutzat eta hortik aurrera erlijio gune garrantzitsua baizik ez zen izan Tebas. Tebasko hiriko alde nagusia Nilo ibaiaren ezkerraldean zegoen; Luxor eta Karnak hirietan ikusgai daude Tebasko garai hartako monumentuak. Ibaiaren eskuinaldean hileta tenplu asko dago: Seti I.arena, Ramses II.arena, Amenofis III.arena, Hatshepsut erreginarena eta Erregeen eta Erreginen Haranetako multzoak.