Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tatanka Yotanka

edo Iyotake. (Ing. Sitting Bull; Eusk. “Zezen Eseri”). Sioux tetoien buruzagi indiarra (Grand River, Hegoaldeko Dakota, 1834 inguruan - Fort Yates inguruan, Hegoaldeko Dakota, 1890). Sioux tetoien artean, hunkpapa azpileinukoa zen Tatanka Yotanka. Gizon zuriak jarri zion Sitting Bull (Zezen Eseri) izena; berez, Tatanka Yotankak «Zezenak-eserarazten-dituena» esan nahi baitu. Gogoratua da gaur egun gizon zuriaren aurkako borrokan suhar jardun zuelako, indiarrak erreserbetan sartzearen kontra. Azpimarratzekoak dira Paha Sapa (Black Hills; Eusk. Muino Beltzak) muino sakratuak Estatu Batuetako gobernuko gizon urre-nahien eskuetatik babesteko egin zituen ahaleginak eta guduak. 1876an, Custer jeneralari borrokan irabazi bazion ere, azkenik, Paha Sapa muinoak gobernuak bereganatu zituen. Tatanka Yotankak erbestera jo zuen orduan, Kanadara. Indiarrei gelditzen zitzaien lurra urria zen eta balio handirik gabea, eta goseak hiltzen ari ziren. 1881. urtean erbestetik itzuli zen. Mugan, ordea, bahitu eta preso eraman zuten. Tatanka Yotanka geratzen zen buruzagi nagusia zen, eta azkenean askatu zuten. 1889. urte inguruan erlijio mugimendu berri bat zabaldu zen sioux-en artean (“Izpirituaren dantza”), mesias baten etorrera, sioux-ak salbatuko zituena eta gizon zurien desagertzea iragartzen zuena. Dantza modu hori zabaldu egin zen, eta kezkagarria bihurtu zitzaion gobernuari dantza horren inguruan sortu zen mistika. Kontu horrek gauza onik ez zekarrela eta, zerbait egitera deliberatu ziren. 1890. urteko abenduan, William F. Drum teniente koronelak, Fort Yates-ko osteen buruak, Miles jeneralaren agindua jaso zuen: Sitting Bull bahitu beharra zegoen. Abenduaren 15ean, buruzagia bahitzera joan, eta borroka hartan hil zen Tatanka Yotanka.