Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tales Miletokoa

Greziar matematikari, astronomo eta filosofoa (Mileto, K.a. 625 - ?, 547). Greziako Zazpi jakintsuen arteko zaharrena eta ospetsuena da. Aristotelesen ustez lehen filosofo joniarra izan zen. Egiptoko eta Babiloniako kulturetatik geometria eta aljebrako ezaupideak jaso eta Grezian sartu zituen. Geometriaren arloan egindako lan batzuk hauek dira: gorputz baten garaiera hauen itzalean oinarrituta nola aurkitu asmatu zuen, hirukiaren aldeen eta angeluen artean dauden erlazio batzuk mugatu zituen, erdizirkunferentzian inskribatutako angelua zuzena dela frogatu zuen (90°takoa) eta hiruki bat zirkulu batean nola inskribatu aurkitu zuen. Eguzkiaren eklipse bat iragarri zuen, eta horrek ere ospe handia eman zion. Teoria kosmologiko bat aurkeztu zuen; horren arabera unibertsoa lau elementuz osatua dago: ura, airea, lurra eta sua; urak, gauza guztien iturburu denez, beste elementu guztiak sortarazten ditu kondentsasioz, lurrunketaz edo aldaketaz. Teoria horren bidez ekialdeko kosmogonietan oinarrituak zeuden sinismenei forma arrazional bat eman zien Talesek. v Talesen teorema. Hiruki baten aldeari paralelo den edozein marrak segmentu proportzionalak mugatzen ditu beste bi aldeetan. Teorema horiTalesena dela esaten bada ere, gaur egun ezaguna da Euklidesen Elementuak liburuan agertzen dela behar bezala frogatua.