Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Talat Pasha

Turkiar politikaria (Edirna, 1874 - Berlin, 1921). Turkiar gazteak erakundearen buruzagia izan zen, eta Turkiar inperioko bisir nagusia 1917-1918 bitartean. Turkiar gazteak erakundean jardun zuen gaztetandik eta, 1893-1895 bitartean kartzelan egon ondoren, goi mailako karguak bete zituen Turkiako telegrafo konpainian, 1908an kaleratu zuten arte. Turkiar gazteen matxinadaren ondoren (1908), diputatu hautatu zuten Edirnan eta 1909an Barne Arazoetarako ministro izendatu zuten, eta Postarako ministro egin zuten ondoren. Lehen Mundu Gerra hasi aurretik, aliatuen aldeko jarrera garbia erakutsi zuen baina, Enver Pasha gerra ministroaren eraginez, alemaniarren alde jarri zen gerra hasitakoan. Barne arazoez arduratu zen 1914tik aurrera, eta armeniarren deportazioa eta gupidagabeko sakailak bideratu zituen (600.000 armeniarretik gora hil ziren neurri haien ondorioz). Inperio otomaneko bisir nagusi izendatu zuten 1917an eta Alemaniara ihes egin zuen 1918ko urrian, gerra amaitu baino lehenxeago, turkiar gobernuko beste goi agintari batzuekin. Hiru urte geroago hil zuten atentatuan Berlinen armeniar batzuek.