Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Takada, Kenzo

Japoniar moda diseinatzailea (Hyogo, 1939). Gaztetatik ikasi nahi izan zuen diseinua, baina ez zuten diseinu eskolan onartu eta ingeles literatura ikasi zuen. Hala ere, Tokiora joatea erabaki zuen; han diseinu eskola ospetsu batean onartu zuten, eta hiru urtez aritu zen han ikasten. Denda handietarako hasi zen lanean; garai gogorra izan zen hura Kenzorentzat, familia kontra baitzeukan, hura ez zen eta gizon batentzako lanbidea. 1965ean Parisa joan zen. Denda handietarako eta beste diseinatzaileentzako lanak egiten hasi zen. Handik bost urtera bere boutique-a zabaldu zuen, Jap izenekoa, eta bere lehenengo bilduma diseinatu zuen kolore biziko japoniar kotoietan oinarrituta. Gaur egun Kenzo etxeak hogeita bost denda ditu munduko hiriburu nagusietan, hiru estudio Frantzian eta mila zortziehun bat salmenta gune mundu osoan zehar banatuta. Kenzoren estiloaren ezaugarri nagusiak kolore bizitasuna eta forma asimetrikoak dira. Moda eskemak hausten duela esan ohi da, batez ere Parisen hasi zen garaian, garai horretan janzkera soila eta klasikoa baitzen nagusi. Frantziako hiriburuan arrakasta lortu ondoren, 1976an Japoniako moda argitaratzaileen saria eman zioten. 1983an gizonezkoentzako arropa diseinatzen hasi zen, eta New Yorkeko Madison hiribidean zabaldu zuen lehenengo gizonezkoentzako arropa denda. Urteekin zabaldu egin ditu aukerak, eta etxerako arropa, haurrentzako arropa eta perfume bat egin ditu. 1984an Frantziako Kultura ministroak Arteen eta Letren ordenako zaldun izendatu zuen. Azken proiektu nagusien artean, gizonezkoentzako perfumea eta makillaje sail berri bat ditu. Berritzaileena Kenzo Jeans eta Jungle gazteentzako arropak izan da, kotoian oinarrituak.