Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

taifa erreinuak

(ta’ifa, «alderdiak» arabiar hitzetik). iz. XI. mendean, Kordobako omeiarren kaliferria deuseztatu ondoren, Hispaniako erdialdean, ekialdean eta hegoaldean sortu ziren erreinu txikiei ematen zaien izena. Almuzafar kalifaren agintaldiaren ondoren (1002-1008), kaliferria galdu zen gerra zibilaren ondorioz, eta erreinu txikiak sortu eta gorpuztu ziren han-hemenka, Hispaniako musulman lurralde guztietan. Hogeita hiru erreinu eratu ziren 1009-1091 bitartean, Ipar Afrikatik joan ziren almorabiarrek batu zituzten arte (1091). Berberiarrak nagusitu ziren Badajozen, Toledon eta Malagan; andaluziarrak Sevillan, Kordoban eta Zaragozan, eta saqalibah esklaboek erreinuak eratu zituzten Tortosan, Denian eta Valentzian. Taifa erreinuen arteko liskarrak eta gerrak etengabeak izan ziren, eta egokiera hartaz baliatu ziren garai batez kristauak lurraldeak konkistatzeko (Badajoz, Toledo, Zaragoza, eta Sevilla). 1086. urtean igaro zen Iberiar penintsulara Yusuf ibn Tashufin buruzagi almorabiarra eta Gaztelako Alfontso VI.a menderatu ondoren, Hispaniako lurralde musulmanak batzeari ekin zion.