Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Suetonio

(Caius Suetonius Tranquillus). Historialari latinoa (Erroma ? K.o. 70 inguruan - 140 inguruan). Zaldun (equites) familia batekoa zen. Plinio Gaztearen laguntzaz Hadrianoren liburuzain eta idazkari kargura iritsi zen. Enperadoreak kargutik egotzi bide zuen Sabina bere emaztearekiko izandako begirune faltaz, zehaztu ez den urtean. Handik aurrera obra historikoak idazteari ekin zion. Suetoniok alor anitz landu zituen: biografiak, antzinako Erromaren gorabeherak, izadiaren zientziak, literaturaren eta hizkuntzaren inguruko arazoak. Haietatik bi besterik ez dira gorde: De vita Caesarum (121, Zesarren bizitzari buruz) eta De viris illustribus (Gizon ospetsuei buruz). Bigarren horiidazle garrantzitsuen biografiez osatua zen eta haren parte handi bat galdu da. De vita Caesarum obra Julio Zesarren biografiarekin hasten da eta Domizianorenarekin amaitzen; hamabi biografia ditu guztira. Erretratu horietan bizitza pribatuaren xehetasunek dute lehentasuna, pertsonaiaren bizioak eta bertuteak, beraren inguruko anekdotak eta esamesak egitate historikoekin nahasian ematen direla. Material hori guztia Suetoniok artxibo inperialetan bildu zuen eta berak erabili izan ez balu galdua bide zen. Suetonioren obra oso irakurria izan zen Erdi Aroan eta obra asko moldatu ziren haren eredura. Orobat, garai haietan giroturiko egungo eleberri historikoen iturri nagusia da (R. Graves-en Ni, Klaudio esaterako).