Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Subijana, Pedro

Gipuzkoar sukaldaria (Donostia, 1948). Madrilgo Ostalaritza eta Turismo Eskolan egin zituen sukaldaritza ikasketak. Zarauzko Euromar Hostalaritza Eskolan jarraitu zuen prestakuntza, eta bere promozioko lehena izan zen. Maria Cristina Hotelean, Tolosako Meson Idiaquez, Galarreta, Madrilgo Zalacain eta Irache Hotelean aritu ondoren, Donostiako Igeldon bere jatetxea ireki zuen, Akelarre. 1986. urteaz geroztik Espainia ordezkatzen du, Komisario Orokor modura, Europear Komunitateko Sukaldarien Elkartean (EURO-TOQUES), eta 1998az geroztik, Elkarte bereko lehendakariordea da. 1995ean Amerikako Sukaldariko Institutuak, New Yorken, munduko 10 sukaldari onenen artean sailkatu zuen. Gainerakoan, hainbat sari lortu ditu: 1979an Gastronomiako Sari Nazionala; Espainiako Sukaldari onenari ematen zaion Club de Gourmet saria, 1996an; urte berean, errestauradore onenaren Euskadi saria eta Akelarre bere jatetxearekin Michelin Gidan eman dizkioten bi izarrak. Euskal Telebistan sukaldaritzako saioak zuzendu eta aurkeztu ditu, eta sukaldaritza liburu ugari kaleratu du.