Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stroheim, Erich von

Estatu Batuetako aktorea eta zinema zuzendaria, jatorriz austriarra (Viena, 1885 - Maurepas, Frantzia, 1957). Ikasketa militarrak egin zituen, baina 1909an gudarostetik alde egin eta Estatu Batuetara erbesteratu zen. Lanbide askotan jardun zuen, 1914an Hollywooden lanean hasi zen arte. Aurreneko lanak Griffith-ekin egin zituen aktore eta laguntzaile gisa, The Birth of a Nation (1915), Intolerance eta Hearts of the World (1918) filmetan. Militar gogor eta higuingarriaren antzezpenak maite zituen; bere bizitzan ere, desertorea izanagatik, goi mailako militarraren eta aiton semearen itxurak egin zituen. Naturalismoaren eragina izan zuen eta pertsonaia bihurri eta bortitzak zituen gustuko. Zinema mutuaren garaian egin zituen ia bere film guztiak, errealistak oso, xehetasunez beteak, sexua gordin agertzen zutenak; maisu lanak guztiak, nahiz eta ekoizleek moztu, laburtu eta zenbaitetan filma bukatzen ere utzi ez zioten. Stroheim-en filmek eragin handia izan dute zinemaren historian. Film ahostun bakarra zuzendu zuen, Walking Down Broadway (1933). Zuzendaritza utzi eta antzezle lanetan eman zituen azken urteak Frantzian bizileku harturik, antzezpen gogoangarriak egin zituela, batik-bat Renoir-en La Grande Illusion (1937) eta Wilder-en Sunset Boulevard (1950) filmetan. Beste filmak: Blind Husbands (1918, Senar itsuak), Foolish Wives (1921, Emazte txoriburuak), Greed (1923, Zekenkeria), bere lan bikainena; The Wedding March (1927, Ezkontza martxa), The Merry Widow (1925, Alargun zoriontsua), Queen Kelly (1928, Kelly erregina).