Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sosa, Mercedes

Argentinar abeslaria (Tucuman, 1935). Hamabost urte zituela kantu lehiaketa batera aurkeztu zen eta lehen saria irabazi zuen, Triste estoy (Triste nago) sanbarekin. Pocho Masitelli musikagilearekin ezkondu zen, eta bestelako erritmo batzuk kantatzen hasi zen. 1961ean grabatu zuen bere lehen diskoa, arrakasta handirik gabe. Lau urte gerago, Sábato eta Falú-rekin batera, La palomita del valle (Ibarreko usotxoa) grabatu zuen. 1966an arrakasta handia lortu zuen Samba para no morir (Sanba bat heriotza saihesteko) kantuarekin, eta hurrengo urtean Europan kantatu zuen lehen aldiz, Holanda, Belgika, Suitza eta Alemanian zehar. Berehala jira gehiagotarako deitu zuten. Violeta Parrarekin batera Gracias por la vida (Eskerrik asko bizitzagatik) kantua kantatzen hasi zen eta ospe handia lortu zuen. Halaber, Víctor Jararen zenbait kantu kantatu zituen, batez ere Te recuerdo, Amanda (Oroitzen zaitut, Amanda) izenekoa. 1968an, Onganía-ren agintaldian, era horretako abestiak debekatuta egon ziren. 1972an La cantanta sudamericana (Hegoameriketako kantaria) grabatu zuen, arrakasta handirik gabe. Hala ere, hurrengo urtean disko berriak grabatu zituen, eta Espainia, Frantzia, Italia, Mexiko, Venezuela eta Perun kantatu zuen. 1978an senarra hil zitzaion, eta handik gutxira, Argentinan, debekatu egin zioten leku publikoetan kantatzea, eta areto pribatuetan ez zuten kontratatzen. Arazo politiko eta zentsuraren aurrean, Europara joatea erabaki zuen, eta Parisen jarri zen bizitzen. 1979an disko bat grabatu zuen portugesez, Chico Guardia eta Hamilton-ekin. 1982an Argentinara itzuli zen eta leku askotan kantatu zuen, arrakasta handiz. Kantaldi haietan futbol zelai osoak bete ziren jendez eta kantaldiak bilkura politikoak bihurtu ziren. Abesti ezagunenak: "Como la cigarra", "Canción de todos", "Gracias a la vida", "Volver a los diecisiete", "Poema quince" eta "Alfonsina y el mar". 1989ko uztailean Frantziako gobernuak Arte eta Letretako Ordenarekin saritu zuen.