Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Soldi, Raúl

Argentinar margolaria (Buenos Aires, 1905 - 1994). Argentinako espresionismoaren ordezkari nagusietako bat. Buenos Airesko Arte Ederretako Akademia Nazionalean egin zituen ikasketak, eta Europan, Milaneko Brera Akademian sakondu zituen. 1932an itzuli zen Argentinara eta urtebete geroago bakarkako bere lehen erakusketa egin zuen. Garai hartan zinemarako antzeztokiak prestatzen hasi zen lanean. Bere lana Argentinatik kanpo ezagutaratzeko, Parisko Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen 1937an, New Yorkeko Nazioarteko Erakusketan 1939an, San Franciscoko erakusketa batean ere bai, etab. Argentinan, ospe handiko margolari bihurturik, margolaritzako bi sari nagusiak jaso zituen: Areto Nazionaleko Lehen Saria (1948) eta Augusto Palanza saria, Arte Ederretako Akademia Nazionalaren sari nagusia. Bere lanen artean horma irudiak ditu aipagarrienetakoak. Lehenengoak 1953an egin zituen, Glewko Santa Ana kaperan, eta Santa Fe Galerian. 1958an bere obraren lehenengo atzera begirakoa egin zen, 100 obra baino gehiagorekin, Witcomb galerian. Urte horretan bertan nazioarteko onespena jaso zuen, Sao Pauloko Bi Urtekoan sari bat jasota. Lanik aipagarrienak Colon Antzokiko kupulako freskoak (Buenos Aires, 1966) eta Deikundearen Basilikaren kapera bateko freskoak (Nazaret, 1968) ditu. Bere obra munduko museo onenetan aurki daiteke, hala nola New Yorkeko Arte Modernoko Museoan, Florentzian eta Milanen.