Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sokrates

Greziar filosofoa (Atenas, K.a. 470 - Atenas K.a. 399). Aita eskultorea zuen eta ama emagina. Greziako filosofiaren aitzindari nagusietako bat izan zen, baina ez zuen ezer idatzita utzi eta haren bizitza eta pentsamendua ikasleen bidez ezagutzen dira, Platonen bidez, batez ere, Platonen obrarik gehienak Sokratesen elkarrizketetan oinarrituak baitira. Sokrates gizon prestua eta gudari ausarta izan zen, baina guztien gainetik agorako gizona izan zen, plaza gizona; Atenasko plazetan filosofia eztabaidak izaten zituen eta bere galdera eta elkarrizketa sotilen bidez zalantza eragiten zuen jendearengan. Orakulu batek inor ez zela Sokrates bezain jakintsua iragarri zuen; hark, ordea, kontrakoa frogatu nahi izan zuen eta “ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik” esaldi ospetsua erantzun zuen. Hala, berak ez zekitzan erantzunak jaso nahian hiriko jendeari galderak egin ohi zizkion kalean eta plazetan. Zer da justizia? Zer da zientzia? Zer da ausardia? Jendeak, ordea, ez zekien erantzuten, eta hala orakuluak iragarritakoa bete zen, inork ez bezala, Sokratesek bere ezjakintasunaren ezaguera behintzat bai baitzuen. Jarrera horrek, ordea, galdetua dena lotsarazi egiten du eta Sokratesi etsai asko sortu zitzaizkion horregatik; hala, “jainko berriak sartzeagatik eta gazteria gaiztakeriaren bidetik eramateagatik” hiltzera kondenatu zuten. Sokratesek ihes egin beharrean, zikuta hartu zuen bere jarraitzaileekin hilezkortasunaren gainean lasai hitz egiten zuen bitartean.  v  Sokratesen jakintza. Sokratesen ahalegina sofisten aurka zihoan, haien filosofia eta zientzia itxurazkoak eta hutsalak zirela frogatzera. Horregatik, sofisten erretorika eta hitz jarioaren aurka, berak zuzeneko elkarrizketa erabili ohi zuen. Aristotelesen iritzian, bi gauza zor dizkio filosofiak Sokratesi; bata arrazoitzeko modua da, eta bestea definizio unibertsala. Izan ere, Sokratesek galdera bat egiten zuenean, definizio bat eskatzen zuen eta definitzea gauza bati mugak jartzea da, hots, bere izatea ezagutzea; definizioak beraz izatea ezagutzera, izatearen jakintzara eramaten du. Horretan desberdintzen dira sofisten eta Sokratesen filosofia, horren muina, haiena ez bezala, gauzak egiaz zer diren esatea baita. v Sokratesen etika. Sokratesek gizona zuen kezka nagusia; kezka hori, ordea, sofistek ere bazuten; baina Sokratesek bestelako ikuspegi batetik hartzen zuen gizona: gizonaren baitatik. “Zeure burua ezagutu”, dio Sokratesek, “atera argitara zeure barrua”. Horrek errotik aldarazi nahi zuen garai hartako gizartea, indarra, sena eta adorea bilatu ordez, Greziako gizona gogoeta egitera eta bere buruari kritika egitera eraman baitzuen. Sokratesen etikaren muina areté edo bertutea da. Bertutea, Sokratesentzat, gizonaren funtsa da, bere izatearen helburua. Eta bertute hori zientzia da. Horregatik, gizon gaiztoa ezjakina delako da gaiztoa; ongiari jarraitzen ez bazaio hura ezagutzen ez duelako da. Horregatik, bertutea irakats daiteke. Horretara bihurtzen da Sokratesen filosofiaren muina, nor bere burua ezagutzera, alegia. Aldi berean, ordea, agindu moral bat ere bada, gizonak, bere buruaren jabe izan dadin, jakin egin behar baitu. Sokrates Greziako filosofiaren aitzindari izan zen, zeren eta Sokratesen definiziotik izatearen arazoa sortu baitzen eta hortik irten baitzen Platonen eta Aristotelesen metafisika; halaber, Sokratesen moraletik irten ziren Grezian eta Erromatar inperioan izan ziren hainbat eskola etiko: zinikoak, zirenaikoak eta, gero, epikureoak eta estoikoak, batez ere. IV eta V. mendeetako Greziako filosofia guztiak Sokratesen pentsamenduan ditu erroak.