Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sobrino Pastor, Jon

Euskal jatorriko elizgizon eta irakaslea, jesuita (Bartzelona, 1938). Askapenaren Teologiaren ordezkaririk nagusietako bat. 18 urte zituela bildu zen Jesusen Lagundira, eta 1974an El Salvadorrera joan zen teologiako irakasle gisa. UCA Universidad Centromericana José Simeón Cañas unibertsitate katolikoan dihardu, betiere pobreen eliza aldarrikatzen eta askapenaren teologiari ekarpen teoriko garrantzitsuak egiten. Besteak beste, lan hauek argitaratu ditu azken urteotan: Iglesia de los pobres y organizaciones populares (1979), Jesús en América Latina. Su significado para la fé y la cristología (1982), Resurrección de la verdadera Iglesia. Los pobres, lugar teológico (1986), Liberación con espíritu. Apuntes para una nueva espiritualidad (1987), Religiones orientales y liberación (1988), El Cristo de los Ejercicios de San Ignacio (1990), Jesucristo liberador: lectura histórico-teológica de Jesús de Nazaret (1991), Jesús en América Latina (1995), La fe en Jesucristo: ensayo desde las víctimas (1999). 1980an erahil zuten Oscar Arnulfo Romero gotzainaren adiskide eta lankidea zen, eta bi liburu eskaini dizkio: Monseñor Romero (1990) eta Monseñor Oscar A. Romero: un obispo con su pueblo (1991). 1989an erahil zuten Ignacio Ellacuría UCAko errektorearen lagun eta hurbileko lankidea ere bazen, eta harekin batera hainbat lan paratu eta eman zituen argitara, besteak beste Mysterium liberationis: conceptos fundamentales de teología de la liberación lana. Ellacuríari eskaini zion, halaber, 1999ko Ignacio Ellacuría: aquella libertad esclarecida liburua. 1999. urtean Euskaldun Unibertsala saria eman zion Eusko Jaurlaritzak.