Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sinn Fein

(Eusk. “Geu bakarrik”). 1902an Arthur Griffith-ek sorturiko irlandar higikunde abertzalea. Hasieran ingelesen aurkako erresistentzia pasiboaren aldeko zen. Irlandaren askatasunaren aldeko borroka politikoa gidatu zuen eta, Dublingo langileria bereturik, harrera zabala hartu zuen James Connolly sindikalistak higikundearen buruzagitza eskuratu zuenean (1914). 1916ko Bazkoko matxinadan parte hartu zuen eta, horren ondorioz, ingelesek J. Connolly fusilatu zuten, beste hamabost buruzagi abertzalerekin batera. E. De Valera buru zela, arrakasta handia lortu zuen 1918ko hauteskundeetan: 105 hautatuetatik 73 Sinn Fein-ek aurkeztuak ziren. 1919an independentziako gerra hastean adar armatu bat, IRA, sortu zuen. 1921ean gerra amaitu zen, baina 1922an De Valera buru zuen alderdiaren zatiak uhartearen banaketa (Ipar Irlanda ingelesen mende) ez zuen onartu, eta gerra zibila hasi zen. 1926an De Valerak Sinn Fein utzi eta Fianna Fail alderdia sortu zuen, kide gehienak berekin eramanez. 1927ko hauteskundeetan Sinn Fein-ek ehuneko 2,6 boto besterik ez zuen bildu. 1957an berriro hartu zuen parte Errepublikako hauteskundeetan (lau diputatu). 1968an Ipar Irlandan aurkeztu zen IRArekin batera; 1985ean bertako hauteskundeetan parte hartu zuen eta ordezkariak lortu zituen. Sinn Fein-en historiaren ezaugarri nagusia Irlandako batasunaren aldeko jarrera zinezkoa izan da.