Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sibelius, Jean

(Jaiotza izenaz, Johan Julius Christian). Finlandiar musikagilea (Hämeenlinna, Tavestehus, 1865 - Järvenpää, 1957). Eskandinaviako sinfonia egilerik ospetsuena. Helsinkin egin zituen musikako lehen ikasketak M. Wegelius-ekin, Berlinen R. Fuchs-ekin, eta gero Vienan K. Goldmark-ekin. 1892-1897. urteetan Helsinkiko kontserbatorioko irakasle izan zen. Finlandiako herri musikaren egile nagusi izan zen eta haren lan gehienak Kalevala olerki epiko abertzaletik hartua dute gaia. Finlandia (1899) poema sinfoniko ezaguna abertzaletasunaren eredu izan zen. 1897. urtean Finlandiako estatuak hogeita hamar urteko diru sari bat eman zion musika egin zezan inolako trabarik gabe. Lan gehienen aurkezpenak Errusia, Suedia, Danimarka, Norvegia, Alemania, Italia eta Estatu Batuetan egin zituen. Sibeliusen lan aipagarrak dira, besteak beste: Kullervo (1892) eta Tuonelako beltxarga (1893) poema sinfonikoak; zazpi sinfonia; Dorreko neskatxa (1896) opera; ehun bat doinu; koru eta orkestrarako lanak: Tulen Synty (1902), Maan virsi (1920); laurogei bat lan pianorako; Voces intimae, harizko tresnetarako kuartetoa.