Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Seychelleak

(Izen ofiziala, Seychelleetako Errepublika). Indiako Ozeanoko mendebaldeko estatua eta uharteak, Madagaskar-etik 1.100 km inguru ipar-ekialdera. 453 km2 eta 82.247 biztanle (2008, seychelletarrak). Hiriburua: Victoria. Hizkuntza ofizialak: kreolera, ingelesa eta frantsesa. Etniak: kreoleak, % 89,1; indiarrak, % 4,7; madagaskartar edo malgaxeak, % 3,1; txinatarrak, % 1.6; ingelesak, % 1,5. Erlijioa: katolikoak, % 90,9; anglikanoak, % 7,5; hinduak, % 0,7; besteak, % 0,9. Dirua: Seychelleetako errupia. ■ Biztanleak. Seychelletar gehienak, % 90 gutxi gorabehera, Mahe uharteko itsasaldeko herrixketan eta Victoria hirian bizi dira. Seychelleetako hizkuntza ofizialak kreolera, frantsesa eta ingelesa dira, baina kreolera da seychelletarren ama hizkuntza. Bizi itxaropena 66 urtekoa da gizonezkoetan eta 75 urtekoa emakumezkoetan. Biztanleen % 99k edateko ura du etxeetan eta % 100ek aseturik ditu oinarrizko beharrak. ■ Ekonomia. Turismoa, nekazaritza eta arrantza dira Seychelleetako ekonomia jarduera nagusiak. Merkataritzari dagokionez, inportazioak dira nagusi; esportatzen diren gaiak arrantza, kopra eta kanela dira. Hainbat fruitu lantzen da herrialdeko bertako elikadurarako; hala eta guztiz ere, arroza, oinarrizko elikagaia, esportatu egiten da. Seychelleetako mea bakarra guanoa da. Turismoa asko hazi da eta atzerriko dibisen % 70 eta BPGren % 50 osatzen du. Hala ere, ez da nahikoa merkataritza balantzaren defizitari aurre egiteko. 1995ean atzerriko dirua erakartzeko asmoarekin legebiltzarrak lege berri bat onartu zuen, zeinaren arabera 10 milioi dolarretik gorako atzerriko inbertsioei immunitate judiziala bermatzen zitzaien. Baina zenbait herrialdek kontra egin zuten (Maurizio uharteak, besteak beste) eta Seychelleek lege bat osatu behar izan zuten dirua “zuritzearen” kontra. Dena dela, neurri horiei guztiei esker BPGk gora egin du, baina kanpoko zorra ere hazi egin da (164 milioi 1995ean). 1993-1994 urte bitartean ere turismoa izan zen diru iturri nagusia. ■ Historia. Erdi Aroan arabiar eta portugaldar itsasgizonek ezagutu bide zituzten uharteak. 1609an Britainia Handiko Ekialdeko Indietako Konpainiak antolatutako espedizio bat lehorreratu zen uharteotan. XVIII. mendean itsaslapurren babesgune izan ziren. 1742an, Bertrand-François Mahé-k, Maurizio uharteko gobernari frantsesak, espedizio bat igorri zuen uharteak esploratzera, eta 1756. urtean, Frantziak beretzat hartu zituen. 1770ean iritsi ziren lehen kolonizatzaileak Réunion uhartetik. Frantziaren eta Britainiaren arteko gerraren ondoren, Parisko Itunean (1814), uharteak Britainia Handiaren mendean geratu ziren. 1830ean esklabotasuna debekatu zen. 1903an Britainia Handiaren kolonia bilakatu ziren, eta 1970ean autonomia eta 1976ko ekainaren 29an burujabetasuna erdietsi zuten. 1975ean bi alderdi nagusietako buruek koalizio gobernu bat osatu zuten, baina 1977an France Albert René-k lehendakaritza kendu zion James R. Mancham lehendakariari, eta erregimen sozialista ezarri zuen, 1979ko konstituzioaz gero Seychelleetako Herri Fronte Aurrerakoia alderdi bakarraren agintaritzapean egon dena. René-k estatu kolpeei aurre egin behar izan die bere agintaldian. 1992an alderdi aniztasuna onartu zen, eta 1993ko ekainean, erreferendum bidez, konstituzio berria. Urte horretan bertan Albert Renék irabazi zituen hauteskundeak eta bere alderdiak, Seychelleetako Fronte Progresistak, gehiengo absolutua lortu zuen. 2006ko hauteskundeetan, James Alix Michel aukeratu zuten lehendakari, eta bera da gaur egun ere lehendakaria.
http://www.virtualseychelles.sc/