Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sender, Ramón José

Espainiar idazlea (Chalamera, Huesca, 1902 - Kalifornia, 1982). Madrilgo unibertsitatean ikasketak egin ondoren aldizkari sozialistetan idazten hasi zen. 1930. urtean espainiar gudarosteak Marokoko gerran izan zuen jarduera gogor kritikatzen zuen Imán eleberria kaleratu zuen. Hurrengo urteetan gizarte arazoak sakontzen zituzten liburuak kaleratu zituen: Orden público, novela de la cárcel (1931, Ordena publikoa, espetxeko eleberria), Siete domingos rojos (1932, Zazpi igande gorri) eta Mr. Witt en el cantón (1935, Witt jauna kantonamenduan). Anarkista egin zen lehenik eta komunista ondoren, eta Espainiako Gerra Zibilean parte hartu ondoren Guatemalara, Mexikora eta Estatu Batuetara erbesteratu zen. 1946an Estatu Batuetako hiritar egin zen, eta espainiar literatura irakatsi zuen unibertsitate askotan. Espainia modernoari buruzko eleberri historikoak argitaratu zituen ondorengo urteetan: Réquiem por un campesino español (1953-1960, Espainiar nekazari baten aldeko requiema), Los cinco libros de Ariadna (1957, Ariadnaren bost liburuak), eta Crónica del alba (1965-1966, bederatzi liburuki; Goizaldeko kronika). Beste obra zenbait: Mexicayotl (1940), Epitalamio del Prieto Trinidad (1942) eta La aventura equinocial de Lope de Aguirre (1968).