Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sembène, Ousmane

Senegaldar idazlea eta zinemagilea (Ziguinchor, Casamance, 1923 – Dakar, 2007). Arrantzale, igeltsero eta zamaketari aritu zen Marseillan, eta lanbide horietan bere eleberrietarako gai izango zen lan esperientzia eta militantismo sindikala hartu zuen. Le Docker noir (1956, Zamaketari beltza) etorkinen lan eta bizi baldintzak deskribatzen dituen lehenengo eleberrietako bat da. Ô pays, mon beau peuple (1957, Oh herrialde, nire herri ederra) eleberrian gudari zahar batek, bere emazte frantsesarekin, bere herrialdera egiten duen itzulera eta bizi dituen arazoak aztertzen ditu. Bouts de bois de Dieu (1960, Jainkoaren egur zatiak) da Sembèneren maisulana. Bertan, Dakar-Bamakoko burdinbideetako langileen greba kontatzen du. Ondoren, kontakizun bildumak argitaratu zituen, erregimen berrien kritika politikoaren bidetik idatziak: Voltaïque (1962), Véhi Ciosane et Le Mandat (1965, Véhi Ciosane eta Agintaldia). 1973an Xala eleberri sinboliko eta ironiko laburra idatzi zuen. Le Dernier de l'Empire (1981, Azken inperioa) lanean, berriz, agintariek deskolonizazioaren herentzia onartzeko duten ezintasuna salatzen du. Zinemagile gisa, bere herrialdearen errealitateak erakusten ditu: Borom Sarret (1963), La Noire de… (1966, …ren beltza), Emitaï (1970), Ceddo (1977). 1992an Guelwaar egin zuen, Afrikako kaos morala eta politikoa erakusten dituen panfleto gogorra.