Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Seefried, Irmgard

Alemaniar musikagilea (Köngetried, Bavaria, 1919 - 1988). Aita musika zalea zuen; pianoa eta biolina jotzen zituen, eta abesbatzetako zuzendaria zen. Aitaren laguntzaz ezagutu zituen oso gazte zela Seefriedek Humperdinck eta Mendelssohn-en lanak. Idazkaritza ikasteaz gainera, Augsburgoko eta Munich-eko kontserbatorioetan ikasi zuen. 1938an Herbert von Karajan-ek Aida-ko apaiz emakumea kantatzeko hartu zuen. 1943an Vienako Operan egin zuen debuta, Maisu kantariak-eko Eva paperean; 1944-1945 bitartean opera horretako kide izan zen. 1945ean Vienako Volksoper berriz zabaltzeko kontzertuan Martzelinarena jokatu zuen Beethovenen Fidelio lanean. Hala ere, bai Vienan bai Salzburgon Mozarten errepertorioan espezializatu zen. Covent Gardenen ere izugarrizko arrakasta lortu zuen. Bruno Walter-ekin Estatu Batuetara joan zen Gustav Mahler-en Lehenengo sinfonia-rekin debuta egiteko, eta ondoren New Yorkeko Metropolitan Operan aritu zen Figaroren ezteiak operan (1953). Bere karreraren unerik gorenean Paula Novikova irakaslearekin landu zuen bere ahots teknika eta hala bere errepertorioa asko zabaldu zen: Haendel (Julio Zesar), Purcell (Dido eta Eneas), Poulenc (Karmeldarren elkarrizketak), Alban Berg (Wozzeck). Seefried-entzat eta bere senarrarentzat Heze-k Ariost (1964) idatzi zuen eta Franck Martinek, berriz, Maria Triptychon (1968). Hala ere, 1970eko hamarraldian ahotsa galtzen joan zen eta irakaskuntzara bideratu zuen bere indarra.