Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

saskibaloi

iz. Kirol. Bosna jokalariz osaturiko bi talderen artean, gomazko nahiz larruzko baloi batez, gehienetan aterpean izaten den kantxan jokatzen den kirola. Jokoa talde bakoitzak kontrako taldeak bere eremuan eta garaiera jakin batean (3,05 cm) den saskian baloia sartzean datza. Lortzen diren saskiratzeetako bakoitzaz 2 puntu lortzen dira; jaurtiketak hondoko marratik distantzia jakin batera den marra baten atzetik egiten direnean, berriz, saskiratzeak 3 puntukoak izaten dira; falta edo pertsonal izenaz ezagutzen diren arauz kanpoko jokaldi batzuk halaber, falta jasotzen duen jokalariak hondoko marratik distantzia jakinera den marraren atzetik jaurtiketa libreak egiteko aukera izaten du; saskiraturiko jaurtiketa libre horietako bakoitzaz puntu bat lortzen da. Partiduek bi epaile eta epai mahai bat izaten dute. Jokalari bakoitzak 5 falta (NBA txapelketan 6) besterik ezin ditu egin. Talde bakoitzak erasoaldietan baloia jokatzeko izaten duen denbora mugatua izaten denez, denbora agortzerakoan baloia kontrako taldearen eskuetara pasatzen da. Partidu bakoitzak 20na minutuko bi aldi izaten ditu (NBA txapelketan berriz, 15na minutuko 4 laurden). Berdinketak 5 minutuko iraupena izaten duten luzapenaz hausten dira. Aldaketak nahi adina egin daitezke epaimahiak onartu eta jokoa etetzen denean. Maizenik bost jokalarietatik bi defentsak edo pibotak izaten dira, beste bi hegalekoak edo erasotzaileak eta base edo antolatzaile bat. v 1891. urtean sortu zuen saskibaloia Estatu Batuetako Massachusets estatuko eskola bateko irakaslea zen James Naismith-ek. Berehala zabaldu zen jokoa Ipar Amerika osoan eta baita gerora mundu osoan ere. Egun kirol ezaguna da nonahi, eta zale ugari biltzen ditu, batik bat Estatu Batuetan jokatzen den NBA (National Basket Association) txapelketak, han munduko jokalari onenek parte hartzen baitute. 1936. urtean Olinpiar Jokoetako kirol hautatu zuten. Bartzelonan 1992. urtean jokatu ziren Olinpiar Jokoetan izan ziren lehenik NBA txapelketako jokalariak, Estatu Batuetako jokalari profesionalak alegia, jokoan.