Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sarrionandia Uribelarrea, Joseba

Bizkaitar idazlea (Iurreta, 1958). Filologiako ikasketak egin zituen, eta Fonetikako irakasle izan zen UNEDen eta Udako Euskal Unibertsitatean. Pott literatura taldeko kideetako bat izan zen, eta Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin, Oh Euzkadi, Ibaizabal eta Egin aldizkarietan hasi zen idazten. 1980an, Izuen gordelekuetan barrena (1981) poema liburuarekin Azkue saria jaso zuen. 1980an preso hartu zuten ETA talde armatuko kide zelako salaketapean. Bost urte eman zituen Espainiako eta Euskal Herriko hainbat kartzelatan, harik eta 1985ean Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen arte. Sarrionandiarenak dira: Kontakizunak (1983), Atabala eta euria (1986), Ifar aldeko orduak (1990), Ez gara geure baitakoak (1989), Han izanik hona naiz (1992), kontakizun liburuak; Ni ez naiz hemengoa (1985), Marginalia (1988), saio laburren bildumak; Marinel zaharrak (1987), Gartzelako poemak (1992), olerki liburuak. Horiez gain poesia antologia itzuliak argitaratu ditu, bere gustuko olerki eta olerkariak bildu eta itzulita, hala nola: Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985), Hezurrezko xirulak (1991). T.S. Eliot-en The Wast Land (Lur eremua) eta F. Pessoaren Marinela ere Sarrionandiak itzuliak dira. Hitzen ondoeza (1997) lanean, hiztegi moduan, ipuinak, aforismoak eta bestelakoak bildu zitue. 1999. urtean Hau da ene ondasun guztia izeneko liburu-diskoa argitaratu zuen.