San Petersburgo
(Petrogrado 1914-1924 urteetan eta Leningrado 1924-1991 urteetan). Errusiako ipar-mendebaleko hiria eta portua, izen bereko probintziako (85.900 km2 eta 6.603.000 biztanle) hiriburua, Neva ibaiaren bokalean, Finlandiako golkoaren ertzean, Finlandiako mugatik 160 km-ra. 4.456.000 biztanle (4.880.000 biztanle ditu hirialdeak). Errusiako bigarren hiria da jende kopuruari dagokionez, porturik garrantzitsuena eta Europako hiririk ederrenetakoa. Behe-ordoki zingiratsu batean dago, uharte ugariren aurrean, eta uholde asko izan dira historian zehar, azken urteetan egin diren ubideei esker saihestu direnak. Klima hotza eta hezea da. v Errusiako industriagune eta portu garrantzitsuena da San Petersburgo. Armagintza, erreaktore nuklearrak, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, ontziolak, kimika industria, janari industria, metalurgia eta nekazaritzarako makineria dira industria garrantzitsuenak, eta makineria, zura, ikatza, potasioa eta pirita esportatzen dira portutik. Komunikabide sare oparo batez (aireportua, metropolitanoa, burdinbideak eta errepideak) hornitua dago, bestalde. v Lehen mailako kultura gune ere bada hiria, eta monumentuak oso ugariak dira. Aipagarriak dira, besteak beste, Pedro eta Pablo gotorlekuko katedrala, Udako eta Neguko jauregiak, Smolny komentua, Vorontsov eta Strogonov jauregiak, Kazan eta San Isaak katedralak, Smolny institutua (han egin ziren 1917. urteko iraultzako lehen urratsak eta antolakuntza lanak), senatua, unibertsitatea (1819), Arte Ederretako akademia (1757), Ermitage museoa, Errusiako museoa eta Zientzietako Akademiako liburutegia, gehienak Oktyabrsky edo Almirantagoaren auzoan daudenak. v Historia. 1703. urtean Petri I.a tsarrak Neva ibaiaren bokaleaz jabetu zen eta urte berean, ibaiaren bokaleko uharteetako batean, Petri eta Pablo gotorlekua eraikitzen hasi zen. Gotorlekuaren inguruan hazi zen hiria. Hurrengo urtean hasi ziren Oktyabrsky auzo ikusgarria eraikitzen eta ondorengo urteetan egin zituzten Errusiako hiriburu berriko (1712) elizak, jauregiak, etxeak eta administrazio egoitzak. 1726. urterako Errusiako esportazio porturik garrantzitsuena zen, eta XVIII. mendearen bukaeran 220.000 biztanle zituen. XVIII. mendetik aurrera izugarri hazi zen hiria eta era askotako arkitektura moldeetako eraikuntzak egin zituzten, barrokoak, klasikoak eta XIX. mendeko obra neoklasikoak. 1819. urtean zabaldu zituzten unibertsitateko ateak, eta XIX. mendean zehar arteari eta zientziari lotutako pertsonaia asko bizi izan zen hirian: Tolstoi, Dostoievski, Pavlov, etab. 1914an Petrogrado izena jarri zioten hiriari; garai hartan 2.100.000 lagun bizi ziren hirian, industriaren garapenak, industria astunak batez ere, erakarrita. 1917. urtean, Europa Lehen Mundu Gerran murgilduta zegoenean hain zuzen, Errusiako sistema kapitalista eta monarkikoari amaiera eman zien matxinada egin zuten Leningradoko langileek. 1917-1920 urteetako gerra zibilak kalte handiak eragin zituen hirian, eta biztanleen bi heren galdu zituen. 1922. urtean Mosku egin zuten Errusia eta Sobietar Batasuna ohiko hiriburu. Bigarren Mundu Gerra garaian alemaniarrek 872 egunez eduki zuten setiatua San Petersburgo (1941-1944), eta milioi bat inguru biztanle hil ziren. 1950. urterako hiriak berreskuratuak zituen dotoretasuna eta handitasuna industriaren garapen eta hazkuntzari eta portuko jarduerari esker.