Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

San Juan

Puerto Ricoko hiriburua eta portua, uhartearen iparraldeko kostaldean, Ozeano Atlantikoaren ertzean. 437.745 biztanle (1.100.000 biztanle ditu hirialdeak). Unibertsitatea. Puerto Ricoko merkataritza, eta industria gune nagusia da; estatuko ekonomia jarduera garrantzitsu guztiek San Juanen dituzte administrazio eta finantza egoitzak. Nekazaritza eremu oparo bateko (azukre kanabera, tabakoa, kafea, behi azienda) merkataritza gunea da halaber; langile gehienek industrian (petrolio findegiak, kimika industria, janari industria, ehungintza, tresneria elektrikoak eta mekanikoak, eraikuntzarako gaiak, papergintza, tabakogintza) dihardute hala ere. Turismoak ere garrantzi handia du hiriko ekonomian (kasinoak, hondartzak, kirol portua) eta portuko jarduerak uharteko lehen mailako portu bihurtu du merkataritzari dagokionez (azukrea, kafea eta kakaoa esportatzen dira). Aipagarriak dira XVI-XVIII. mendeetako El Morro, San Jerónimo eta San Cristóbal gazteluak. v Historia. 1508. urtean sortu zuen hiria Juan Ponce de León espainiarrak. 1530. urtean esklabo ugari eraman zituzten bertara espainiarrek soroetan lan egin zezaten, eta hortik dator egungo hiriko biztanleriaren aniztasuna. 1595. urtean Drake ingeles itsasgizonak hiriari eraso zion, eta hurrengo urtean Cumberland kondeak konkistatu zuen. Hiriak jasaten zituen erasoek bultzatu zituzten bertako agintariek gazteluak eraikitzera. Espainiaren eta Estatu Batuen arteko gerra garaian ere (1898) kalte handiak izan ziren Samson amerikarra buru zuen Estatu Batuetako itsas-armadaren bonbardaketen ondorioz.