Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

San José Sánchez, Víctor Manuel

(“Víctor Manuel” izenaz ezaguna). Espainiar abeslaria eta disko eta film ekoizlea (Mieres, Asturias, 1947). 1960ko hamarraldiaren erdialdean hasi zen profesional gisa kantatzen, “Canción protesta” higikundearen barruan, eta hainbat eta hainbat arazo izan zituen zentsurarekin. Belter etxearekin grabatu zituen lehenengo diskoak: El Enemig, La Romería, El Abuelo Víctor, Paixarinos edo El Portalín De Piedra. Philips disko etxera joan ondoren zinemarako zaletasuna sortu zitzaion eta antzezle gisa hasi zen Morbo filmean. 1971n Ana Belén antzezle eta abeslariarekin ezkondu zen, eta gerora elkarrekin jardun dira sarritan, kantaldi eta abarretan. Arazoak izan zituen Francoren erregimenarekin, Víctor Manuelek antolatutako antzerki lan bat Espainiako bandera iraintzeaz salatu zutelarik. 1975ean antzezleen grebarekin bat egin zuen. Hainbat urtetan lanik kaleratu gabe egon ondoren, 1978an CBS etxearekin hasi zen lanean eta Soy Un Corazón Tendido Al Sol lana kaleratu zuen. Izugarrizko arrakasta izan zuen. Ondoren egin zituen Ay Amor (1980) eta Luna (1980). 1986an izugarrizko arrakasta lortu zuen Ana Belénekin batera abesten zuen La Puerta De Alcalá abestiarekin. CBS-kin zuen harremana hautsi ondoren, musika eta zinemaren alorretan ibili da. BMG-Ariola etxearekin ¿Qué Te Puedo Dar? (1988), A Dónde Van Los Besos eta Mucho Más Que Dos (1994) lanak kaleratu zituen. 1995ean Blanco y Negro diskoa eman zuen argitara, Pablo Milanés kantariarekin batera.