Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

San Francisco

Estatu Batuetako mendebaleko hiria, Kaliforniako estatuaren erdi-mendebalean, izen bereko badiaren ertzean (Ozeano Barea), Los Angeles-ko hiriaren ipar-mendebalean. 723.980 biztanle (1.505.400 biztanle ditu hirialdeak eta 5.514.000 biztanle San Francisco-Oakland-San Jose hiri multzoak). Bi unibertsitate. Nazioarteko aireportua. Merkataritza eta finantza gune guztiz garrantzitsua da, eta Estatu Batuetako zortzigarren portua da (Estatu Batuetako mendebaleko porturik garrantzitsuenetakoa), badia oso ondo babestua baitago. Garia, garagarra, kotoia, petrolioa eta tresneria mekanikoak eta elektrikoak esportatzen dira bertako portutik eta zeta, kafea, tea, kakaoa eta azukre kanabera inportatzen, Ekialde Urrunetik eta Hego Amerikatik batez ere. Industriak ere (petrolio findegiak, kimika industria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, ontziolak, ehungintza, janari industria) eragin handia du hiriko ekonomian. 1936. urtean eraiki zuten San Francisco eta Oakland hiriak lotzen dituen zubi handia, eta 1933-1937 urteetan Golden Gate izenekoa. Turismo gune garrantzitsua da, halaber.  v  Historia. Hiria espainiarren misio baten inguruan sortu zen (1776). Yerba Buena izena zuen lehenik. 1848. urteko Guadalupe-Hidalgo hitzarmenaren ondorioz, Estatu Batuen mende geratu zen eta San Francisco izena eman zioten. 1848-1856 urteetan erabat aldatu zen hiria, urre mea oparoak aurkitu baitzituzten Kaliforniako estatuan. 1900. urtean Estatu Batuetako hamargarren hiri jendetsuena zen, baina 1906. urtean lurrikara batek eta ondorengo suteek guztiz suntsitu zuten. Berriro eraiki ondoren eta Panamako ubidea zabaldutakoan (1914) ekonomia oparotasun handia izan zuen San Franciscok. 1993. urtearen amaieran ere lurrikara eta sute handiak izan ziren (80 hil inguru eta milaka lagun geratu ziren etxerik gabe).