Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salnikov, Vladimir

Errusiar igerilaria (San Petersburgo, 1960). Igeri egiteaz gainera, anatomia, fisiologia eta heziketa fisikoa ikasi zituen. Igor Koshin izan zuen lehenengo entrenatzailea, eta hark hasieran arazoak besterik ez omen zizkion ikusten Salnikovi. Baina denborarekin Salnikov garaile izan behar zuela pentsatu zuen eta lan gogorra egin ondoren, 1974an, Salnikov gazteak Sobietar Batasuneko markarik onenak lortu zituen 400 eta 1.500 metrotan. Hala Montréaleko Olinpiar Jokoetara joan zen 1976an, eta bosgarren izan zen 1.500 metrotan. Europako errekorrak lortu zituen 800 eta 1.500 metrotan eta 1979an distantzia horretako txapeldun izan zen. Estatu Batuek Sobietar Batasuneko jokoei egin zien boikotak kolpe latza izan zen, baina hala ere, urrezko bi domina eta brontzezko bat eta munduko errekorrak lortu zituen. 1986 eta 1987. urteak beheraldi urteak izan ziren. Hala ere, Seul-eko Jokoetan, 1988an, urrezko domina bat eta errekor berri bat lortu zituen. Handik urtebetera igeri egiteari utzi eta Sobietar Batasuneko taldeko entrenatzaile izan zen. 1990ean utzi zuen kargu hori.