Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

salikoa, lege

(Lat. lex salica). V. mendean Galia beren mende hartu zuten franko saliarren lege kodea, teutoi jatorriko lege guztietan (leges barbarorum) garrantzitsuena. Merovingiarren aginpidea ezarri zuen Klovis-en erregealdian argitaratu zuten (507-511 inguruan) lehen aldiz. Funtsean, kode penala eta prozedurazkoa da, zenbait lege zibilekin batera, hoben eta zigor zerrenda luzea duena. Horietako bat, erregearen alabei oinordekotzan lurrak hartzea ukatzen duena, anitzetan erabilia izan da Europako monarkietan Berant Erdi Aroaz gero emakumeek eta beren ondorengoek errege aulkia eskura ez zezaten. 1316an Frantziako Filipe V.ak bere alde erabili zuen lehen aldiz eta, harrezkero, legea arautzat hartua izan zen. 1740an Austriako Erregetzarako Gerraren iturburu izan zen, Austriako Karlos VI.ak baliogabe utzi baitzuen bere alaba Maria Teresa erregegoaz jabe zedin. Espainian, halaber, 1789ko Gorteek lege salikoa baliogabetzea xedatu zuten; 1830ean, ordea, Fernando VII.ak indarrean jarri zuen Karlos infantea erregetzaren bidetik saihestearren, eta erabaki horrekin Karlistaden bidea ireki zuen.