Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saint-Laurent, Yves

Frantses jostuna (Oran, Aljeria, 1936). Txiki-txikitatik hasi zen marrazkiak egiten eta arropak egiten zituen bere arreben panpinentzat. Orango lizeoan ikasi zuen eta hamazazpi urte zituela diseinu lehiaketa bat irabazi zuen, traje beltz batekin. 1954an, Parisen, Christian Dior etxean lan egiten hasi zen eta bertako lankide nagusia bihurtu zen denbora gutxian. 1957an haren ondorengo izan zen. 1958an aurkeztu zuen bere lehenengo bilduma eta izugarrizko arrakasta lortu zuen; Yves Saint-Laurent izenarekin, berriz, 1962. urtean erakutsi zuen bere lehenengo bilduma. 1963an arte abstraktua erantsi zion emakumearen irudiari eta 1966an, berriz, pop artea. Urte hartan asmatu zuen smoking-a goi mailako jantzientzako, eta galtzak jaietarako jantzi bihurtu zituen emakumeengan. 1967an bukanero motako galtzak erakutsi zituen eta handik gutxira bermudak. Saint-Laurenten moda etxea lau adarretan banatu zen: goi mailako jantziez gainera, 1966an pret à porter eremuan hasi zen; hirugarren alorra lizentziapeko osagarriak egitea izan zen, eta horrez gainera, kosmetikoen munduan ere sartu zen. 1970ean gizonezkoen jantziak egiten hasi zen. Hala ere, 1971n erakutsi zuen Estilo 40 bildumak kritika ugari izan zituen eta bi urtez itxi egin zituen bere lantegiko ateak. Goi mailako jantziekin itzuli zen 1974an, behinolako arrakastaz. Antzerki eta operarako zaletasun handia du Saint-Laurentek, eta ikuskizun eta filmetarako dekorazioa eta jantziak diseinatu izan ditu.