Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saint-Germain-en-Laye

Izen bereko hirian izenpetu ziren bost itunen izena. v 1624ko irailaren 5eko ituna; Luis XIII.aren, Veneziaren eta Savoiaren artean sinatu zuten hitzarmena, Genoako hiriari, hots, espainiarrek Italiako penintsulan zuten finantzagune eta base militar nagusiari, eraso egiteko. v 1632ko martxoaren 29ko ituna; Ingalaterrako Karlos I.ak Québec eta San Lorenzoko lurraldea itzuli zizkion Luis XIII.ari. v 1635eko urriaren 26-27ko ituna; Saxonia-Weimar-ko Bernardo dukeak Luis XIII.aren eskumenera jarri zuen haren gudarostea, eta horren truke diru kopuru bat jasotzen zuen urtero. Dukeak, bestalde, Frantziaren laguntza jaso zuen Alsaziako eta Haguenauko eskualdeak berreskuratzeko.  v  1679ko ekainaren 29 eta urriaren 25eko ituna; Luis XIV.aren eta Frederiko Gilen I.a Brandeburgoko hauteslearen artean sinatutako hitzarmenak, Herri Behereetako gerra amaitutakoan. Lehen hitzarmenaren ondorioz, Luis XIV.ak mendebaleko Pomerania eta Dammeko eskualdeak itzultzera behartu zuen Frederiko Gilen. Bigarren hitzarmenaren ondorioz, estutu egin ziren Frantziako erregearen eta Brandeburgoko hauteslearen arteko loturak. Luis XIV.ak diru kopuru jakin bat ematen zion Brandeburgoko hautesleari eta hark, trukean, hauteslearen aldeko botoa eman behar zuen erresumako hauteskundeetan. v 1919ko irailaren 10eko ituna, Lehen Mundu Gerra amaitutakoan aliatuen eta Austriako errepublikaren artean izenpetua. Austriak uko egin zien austro-hungariar monarkiaren eskubide guztiei eta itsas armada nahiz airekoa izateari. Alemaniarekin batzeari ere uko egin behar izan zion Austriak, eta austriar guztien berdintasun zibila eta politikoa bermatzeko urratsak eman zituen. Hitzarmen horren ondorioz, gainbehera etorri zen austriar-hungariar monarkia.